
Eta egia bada sakelan sar, gezurra bada kontuan ez har.
Iraganaren bidetik abiatuta, ahanzturaren kontra borrokatuko gara. Sekula ahantzi beharko ez liratekeen kontuak izanen dituzu irakurgai. Abia zaitez gurekin, gaur egunera ekarririk atzoko, gaurko eta betiko istorio ederrak, hemengoak eta hangoak, Euskal Herrikoak eta... Japoniakoak
Eta iragaranen bidean barna, hara non Mezkiritzen kontatzen den istorio baten arabera, erregearentzako txapela bat enkargatu zioten behin txapel-egile bati; ez omen zen oso erregezalea, zeren txapela emateko data atzeratu eta erregerentzako txapelaren kontua izugarri luzatu zen. Txapel-egileak esan zuen bi urtez lanean aritua zela eta, azkenik, baietz, bazela erregerentzako txapela prest. Dena den, txapel-egileak berak ez zuen eraman txapela jauregira, eta beste morroi batek eraman omen zuen. Jauregian, txapela hori opari bat zela esan zioten erregeri, ez zuela deus ere ordaindu beharko, debalde-balde-gorria izanen zela horrenbeste denbora egiten kostatu zen txapela hori. Erregeak susmo txarra hartuko zuen, nonbait, ezen morroiari txapela janzteko agindu baitzion. Morroiak txapela jantzi eta, berehala, zilarrezko bi orratz luze lokietatik sartu zitzaizkion, burua gurutzatu eta bertan hilik erori zen. Harrezkero, txapel-egilearen arrastorik ez da sekula izan.
Baina argi dago erregezalea ez izatea ez dela gaur goizeko kontua...