On Jose Maria Satrustegi zenaren liburu zahar bat daukat esku artean, Ipui miresgarriak izeneko liburuttoa, hogeita hamar urte baino gehiago dituena eta euskara ikasten hasi nintzen garaian erabili nuena. Horregatik, azpimarraturik, ohar eta zirriborroz betea dudala dakusat eta ahanzturaren zaku ilunetik berreskuratzen ari naiz hainbat eta hainbat kontu...
Baina noan harira. Arruatzuko euskaltzainak lan handia egin zuen herri ipuinak biltzen: esku artean dudan liburutxoan bi dozena daude - Lapur ona, Xirula miresgarria, errege eta gatza, Amaizun gaiztoa, Txitxirio txiki... - Baina ez noa orain horietako bat transkribatzera, ez horixe!
Ipuin Tailerraren aurreko saioan azaldu nituen On Rajiden aholkuak ekarri nahi dut gogora:
- Ipuinak entzuten ikasi
- Ipuinak bizi
- Tradiziotik edan
Ipuinak ematean -ez dakit zergatik- haurrak ditugu beti gogoan, haurren gauza besterik ez balitz bezala. Eta ipuinen mundua ez da haur kontua, hainbat gutxiago haurkeria, batzuek hori uste badute ere.
Haurrengan ez baino, pertsona handiengan dago ipuinen altxorra. Aitona-amonak dira sukalde txokoetan iturri nagusia, eta berauen bidez gorde ditu gure herriak.
Haurra bada ere ikasle berria, ez da beti haur izateko jaio: denborak eginen du ipuin-kontatzaileen soka-mutur.
Ipuinak ez du, berez, inork sortu. Eta kontatzaile bakoitza da, nolabait, ipuinaren aita, bere joskeraz janzten duen neurrian.
Udaberriko lorategien antzera berdatutako lurra da, berez, ipuinen alorra. Herri giroak eman ohi du hazia, uste eta sineste guzien bufada beroak. Ahoz-aho hartuko du gero iraupenaren arnasa bulartsua eta, denboraz, egoera bakoitzari dagokion bustidura hezeak mamituko du gorputza.
Herriaren emaitza aberatsa da ipuina.
Horrexegatik, ez da bazterrean denbora-pasa haurrak lokartzeko jostagarri hutsa. Aspaldiko aztarnak ikus ditzakegu ikuspegi askoren begi-ninietan. Euskal Herriaren arima bizi da, ezkutuan bada ere, ipuinen zorro sakonean punpaka.
Hizkuntza bakoitzak izan ditu bere ipuinak. Herrialde aurreratuenek arretaz jaso eta apaindura ederrez zabalduak dituzte bazter guztietara bereak. Euskaldunok ere, ezagunago ditugu atzerritik etorriak, etxekoak baino. Basamortuan udazkeneko belar gorri erretakoen antzera galtzen doaz euskal ipuinak zaintzailerik ezean.
Askotan , tankera berekoak dira batzuk eta besteak, kanpotik datozkigunak eta gure mendietan sortuak. Kontuan izan behar dugu, denbora batean herrialde guztiak pentsaeraz elkarrengandik gertuago zeudela, gaurkoak baino. Euskal Herria barne zegoen mundu zabaleko jakintza horretan, eta bere lekuko dugu gaur.
Gure ipuinek, hala ere, badute beren euskal kutsu berezia. Ez nuke esango hobeak direnik, ez txarrago. Baina, hori bai, geureak ditugu.
Biltzailearen lana ez da erraza. Ikasi lehenik; jaso. Aldaketa asko izan ohi du ipuin bakoitzak: ipuinzale hainbat, askotan. Baina, jantzi aldakorraren azpitik nabari da beti egitura lerdena. Hori da, biltzaileak ahal bezain txukun eta apain herriari itzuli behar diona.
Zer esanik ez, urte askotako bilketa lanean aurkitu daitekeela bakarrik, herri joskera eta barneko ardatz hori. Hala ere, behin baino gehiagotan huts egin dezakegu.
Beste batzuek zuzenduko dute gaizki esana.
Honaino, beraz, On J.M. Satrustegiren testu eder hori. Esan daiteke ozenago, nekez argiago.
No comments:
Post a Comment