2007/11/27

Iraganaren bidetik aitzina

Kaixo:

Atzo bukatu genuen Ipuin Tailerra eta Herri Ipuinak ikastaroa. Bi hilabetez, -zintzo demonio- EIBZra etorri zarete astelehenero-astelehenero eta, baliteke, orain ez jakitea zer egin astelehen arratsaldetan...
Hala bada, Iragaranen Bidetik izeneko blog honetan sartzeko gonbitea egin nahi dizuet. Atzo azaldu nuen bezala, ikastaroan ikusi genituen Aezkoa, Mezkiritz eta Luzaideko herri ipuin zenbait batuaz jartzea otu zitzaidan, lagungarri suerta dakizuen; finean, zuen/gure ikasle gehien-gehienek profita ditzaten, sekula ez dago sobera batuerazko bertsio bat izatea eskura...
Hortaz eta beraz, anima zaitezte zuen iruzkinak egiten eta, nahi izanez gero, zuen bertsioak gehitzen, hartara, askoz aberasgarriagoa izanen baita blog hau.
Amaitzeko, mila esker anitz zuen pazientziagatik eta, zuen inkestak irakurrita, mila esker anitz eta bat gehiago. Ongi esanak barkatu eta gaizki esanak kontuan hartu...
Et, et, et! Ez ote zen alderantziz?

2007/11/26

Beharra

Goiz batean, aitak astoari egur zama jarri eta gero, etxera sartu zen gosaltzera. Orduan, nik erran nion

Aita, ni joan ninteke astoarekin mendira, hara joan eta astoa kargatzen laguntzeko inor izanen banu. Orduan zu gosaltzen gelditu zintezke etxean eta nik astoa egurrez betea etxera ekarriko nuke

Eta aitak esan zidan.

- Beharrak lagunduko dizu kargatzen, beharrak lagundiko dizu; zoaz lasai eta ikusiko duzu zein ongi etortzen zaren.

Horrela joan nintzen asto gainean. Nik ezagutzen nuen mendia, eta nire aitak agindu bezala, lasaitasun osoz joan nintzen. Mendira heldu eta astoa bera gelditu zen egur piloaren ondoan. Ni astorik jaitsi, sokak jarri eta egon nintzen istant batean, ea etortzen zen beharra; baina inor ez zen heldu. Orduan hasi nintzen beharrari deitzen: “Beharra, beharra!” Baina beharra ez zen ageri. Inor agertzen ez zenez, aspertuta nengoen eta bakar-bakarrik… Orduan ni-neu hasi nintzen egurrak jartzen asto gainean, ongi eta bizkor, ohitura banu bezala. Eta gainera egur asko jarri nionean, nola jarri soka? Lehen bezala beharrari deika hasteko zorian egon nintzen… baina, azkenik, han hasi nintzen sokarekin lotzen alde batera eta bestera… eta lortu nuenean, etxera abiatu nintzen. Astoa ongi joan zen eta ez zitzaion egurra erori. Etxera heldu eta han, atarian, aita, ama eta amatxi zeuden, ni noiz agertuko zain.

Aita ikusi orduko esan nion:

- Aita, inor ez da etorri astoa kargatzen laguntzera.

- Eta zuk nola egin duzu bakarrik?

- Nola? Egin behar!

- Hori da beharra -esan zuen aitak.

Mezkitzeko Perpetua Saragueta idazleak kontatua

2007/11/25

Ezkontza bat haustea?

Oroz Betelun, urte zenbait ezkondurik emanda, elkarrekin bizi behar eta ezin bizi, senar-emaztea joan ziren arratsalde batean apaizarengana eta hauxe esan zioten. “- Jauna, zuk elizaz ezkondu gintuzun bezala, nahi genuke gure arteko ezkontza laxatzea eta haustea. Zure esku badago, nahi genuke elkarrengandik bereizi eta nor bere kasa bizi.”

Apaizak hauxe galdetu zien: “- Ez al duzue bakerik zuen artean?” eta senar-emazteak, -horretan ados bederen,- biek ala biek arrapostu: “- Bakerik ez! Infernuan bezala bizi gara elkarrekin...” Apaizak irria ezpainetan zuelarik biharamunean agertzeko berriro mezatara esan zien.

Biharamunean, goizean goizik, meza-ezkilak jo orduko senar-emazte haiek agertu ziren elizara. Orduan, apaiza agertu zen, ederki jantzirik eta elizmutila gurutzearekin aitzinean zuelarik; senar-emaztea belaunikarazi eta latinezko erretolika bat hasi zen irakurtzen eta, lantzean behin, gizonari buruan kaska ematen zion isipuarekin... gero emazteari ere buruan kaska isipuarekin. Latinezko erretolika zenbat eta ozenago, kaska-kaska buruan bati eta besteari gero eta gogorrago. Kaska eta kaska, gero eta azkarrago, gero eta gogorrago , eta orduan senar-emazteak galdegin zuten:

“- Apaiz jauna, gure ezkontza hausteko otoitz horiek asko iraunen al dute? ” Eta apaizak: “- Nik hau baino ez dakit: ezkontzak iraunen duela bietako bat hil arte. ” Argudio gogor horien aurrean, etxera joan ziren senar-emaztea, eta apaiza elizara meza ematera sartu zen.

Geroztik pasatuez ez dut izan berririk

2007/11/24

Orbarako zubian

Behin, Orbara herrian, gizon batzuk tabernatik atera eta etxerako bidean zirelarik, zubia behar zuten pasatu. Arnoz ausarki eta zentzuz urri, zubitik pasatzean, hara non ikusten duten ilargi betearen isla Irati ibaiaren ur azalean. Arnoaz akuiaturik edo, sabelako zorriak dantzan zituzten hire gizonek. Ilargiaren borobila ur azalean ikusi eta, gazta borobil eder bat zelakoan, hara non bata besteari elkarri helduta, zubitik zintzitik jarri ziren eta behekoak gazta harrapatzen zuen... Baina harrapatu ezinik eta tiraka-tiraka, hara non halako batena hirurak Iratira erori ziren. Orduan konturatu ziren han ez zela gaztarik, ilargi ederraren isla baizik.

Diotenez, bustialdi ederraren ondorioz, arnoaren eragin oro desagertarazi eta serio demonio itzuli omen ziren euren etxeetara. Orabarako zubian istorio xelebre hau gertatu omen zen, aspaldi-aspaldian. Iraganaren bidean ez dadila gal honera ekarria.
Eta egia bada sakelan sar, gezurra bada kontuan ez har.

Arrietako mandazainaren istorioa

Aspaldi ez dela, Arrietako mandazaina joan zen Orreagara konfesatzera. Orreagako apaizari kontatu zion mandazainak berak ardoa saltzen zuela inguru horietan guztietan, baita apaiz jaunari berari ere... baina aitortu zion ardoari ura nahasten ziola. Orduan, apaizak esan zion ardoari ura nahastea bekatua zela, eta ez egiteko horrelakorik sekula sekulorum. Orreagatik abiatu eta, egun horretan bertan itzuli zen Arrietara mandazaina ardoa kargatzera.
Han, Arrietan, ohi bezala, mandazainaren semeak ardoari ura gaineratu nahi izan zion. Mandazainak errieta bota zion semeari:
“- Ken ezak, ken ezak! Hori ezin diagu egin; ardoari ezin zaiok ura nahastu, bekatua duk-eta! Hobe duk zahagietan lehenik ura bota, eta gero, ardoa!”
Etxekoa aho bete hortzekin gelditu omen zen, baina aitaren agindua bete egin zuen, baita zahagia urez betetzen hasi ere. Orduan mandazainak azken agindua eman zion:
“- Orain bota ardoa ausarki, hori ja ez baita bekatu.”
Hala izan omen zan, deabrua zaharra dantzan.

Erregea eta txapel-egilea

Duela egun gutxi batzuk, Espainiako Auzitegi Nazionalak ia-ia hiruna mila €ko zigorra ezarri die gazte kataluniar biri, ustez Juan Carlos Iaren irudi bati su emateagatik. Monarkiaren garai loriotsuak iraganaren bidetik galdu omen dira...

Eta iragaranen bidean barna, hara non Mezkiritzen kontatzen den istorio baten arabera, erregearentzako txapela bat enkargatu zioten behin txapel-egile bati; ez omen zen oso erregezalea, zeren txapela emateko data atzeratu eta erregerentzako txapelaren kontua izugarri luzatu zen. Txapel-egileak esan zuen bi urtez lanean aritua zela eta, azkenik, baietz, bazela erregerentzako txapela prest. Dena den, txapel-egileak berak ez zuen eraman txapela jauregira, eta beste morroi batek eraman omen zuen. Jauregian, txapela hori opari bat zela esan zioten erregeri, ez zuela deus ere ordaindu beharko, debalde-balde-gorria izanen zela horrenbeste denbora egiten kostatu zen txapela hori. Erregeak susmo txarra hartuko zuen, nonbait, ezen morroiari txapela janzteko agindu baitzion. Morroiak txapela jantzi eta, berehala, zilarrezko bi orratz luze lokietatik sartu zitzaizkion, burua gurutzatu eta bertan hilik erori zen. Harrezkero, txapel-egilearen arrastorik ez da sekula izan.
Baina argi dago erregezalea ez izatea ez dela gaur goizeko kontua...


2007/11/23

Supazterreko eleak eta aleak

Gaur goizean Uztaritzeko Titika esatariak iragarri digu Euskadi Irratian eguraldi hitsa eta hotza, supazterrean emateko egunak omen datozkigu... supazterrik duenak, noski. Supazterrean ezinbestekoa da istorio on bat izatea, zer kontaturik izatea... Supazterreko Eleak izeneko liburu ederra argitaratu zuen aspaldi Hizkuntza Politikarako Zuzendaritza Nagusiak. Garraldako Xamarren ekimenez.
Liburu zoragarri horietako istorioak erabili ditugu Ipuin Tailerra eta Herri Ipuinak ikastaroan... eta ikasleei errazago suerta dakien egokitu ditut, istorio horien "fair use" eginez. Iraganaren bidean gal ez daitezen eta Interneten zabal daitezen egindako ahalegintxoa da, ikastaroa bukatuta ere nolabaiteko kontaktua mantentzeko asmoz egina.
Garraldan bertan duzu benetako Iraganaren bidea, Lakorona mendira joatekoa. Abia gaitezen...