2008/12/10

Ikastaroak bereak egin du

Ikastaroaren saio osagarria atzo egin genuen eta, iragarri bezala, bi hilabetez ikusgai egon den ikastaroaren materiala ezkutuan geldituko da. Blog honek, beraz, bereak egin du -oraingoz, bederen-.

Nolanahi ere, ikastaroren hasieran eman zitzaizuen karpeta dokumentuz eta materialaz beterik daukazue, eta, gainera, ikastaroan ikusitako eta ikasitako zerbaiten inguruko kezka baduzue, badakizue nora jo. Zuen esanetara naukazue EIBZn, telefonoz (948 361093) edota posta elektronikoz.


Mila esker anitz eta ez adiorik.

2008/12/01

Zazpi belarrirekin ibili: blog hau abenduaren 10era arte baino ez!

Erne eta adi, zazpi belarrirekin ibil zaitezke, zeren abenduaren 10ean blog honen eduki gehien-gehiena ezkutuan geldituko da.
Hortaz eta beraz, zerbait atzitu nahi baduzue, 10 egun baino ez duzue! Ez esan, gero, gaztigatu ez dizuedanik...
Kamishibai-gizona laster joanen da blog honetatik...

2008/11/26

Agur t'erdi; abenduaren 9an hitzordua

Atzo izan genuen kamishibai ikastaroaren azken saioa; lanean murgildurik, llabur egin zitzaigun bi orduko saioa eta, horregatik, martxan dauden kamishibaiak bukatu ahal izateko beste hitzordu bat finkatu genuen: bi aste barru, abenduaren 9an, asteartearekin, bilduko gara EIBZn azkenekoz, orain arte egindako lanak elkarri erakusteko. Bi aste, beraz, lanak biribiltzeko... Hautazko saioa denez, ikastaroan izandako inor ez dago behartuta agertzera. Nolanahi den ere, atzoko lan politak ikusirik, uste dut merezi duela azkan ahalegin bat egitea eta, hartara, 9ko bilkura berezira ager zaitezen gonbidatzen dizuet.
Blog honetan bi hilabeteotan pilatuz joan den materiala ikusgai eta eskuragai izanen duzue oraindik tarte batez, abenduaren 9ra bitarte, behintzat. Halarik ere, segur aski ezkutuan geldituko da eta beste ikastaro bat -beste talde bat- sortzen denean, blog hau -edo beste bat- gaituko dugu berriro. Estekak, bideoak eta dokumentuak atzitzeko tartea duzue; profitatu!
Bestalde, atzoko saioan egin zenituzten balorazioak prozesatu ditut jada, eta Hezkuntza Departamentuko teknikari Maider Sukunzari laster helduko zaizkio.
Nire aldetik, mila esker anitz zuen lan-jarreragatik, ahaleginengatik eta pazientziarengatik; asteartero 6etatik 8ak arte zuek ikasle izatea lana baino plazera izan da niretzat, zinez.
Abenduaren 9an elkar ikusiko dugulakoan...

2008/11/24

Bihar azken saioa

Bihar ikastaroaren azken saioa izanen dugu, ohikoa den gisara 6etan hasita, EIBZren 5. gelan. Lan polita dugu azken saiorako. Talde txikiagotan banatuta gaudenez, gogorarazten dizuet nola bildu behar garen hastetik beretik.
Nagore, Amaia Zubiria eta Violeta.
Amaia Altuna eta Josu
Maite, Juan eta Jennifer
Idoia, Itziar eta Miren.

Inor ez dadila larritu biharko saiorekin; ongi joan den ikastaroa ongi behar dugu biribildu; nire esku geldituko da azken lanak burutzea.


Ez adiorik, bihar arte baizik.

2008/11/19

Gasteizko Berritzegunean

Gasteizko Berritzegunean bi orduko saio bat eman nuen otsailean; Nuria Gonzalez eta Biotza Piko aholkularien eskaera bat zela-bide.
Saioa polita izan zen; baina polita izan bazen, politagoak izan dira, batez ere, horren haritik lan taldeetan sortu dituzten kamishibai berriak. Gasteizko Berritzegunearen webgunea berritu dute eta orain lehen baino zailagoa egiten zait materiala aurkitzea... Lehengo estruktura gelditu zait gomuten-zakuan gorderik, nonbait. Zernahi dela ere, "fitxategiak" atalean "kamishibai" bilatzeko agindu eta aurkitu dut "kamishibai.zip" fitxategi trinkoa. Batez ere, Haur Hezkuntzarako oso material politak aurkituko dituzue. Zorionak Gasteizko lagunei!

2008/03/21

Iraganaren bidea behera


Garraldako Iraganaren Bidean eginiko oraingo argazkia oso adierazgarria da; seinalea hondatua da, beherantz begiratzeko gonbitea egiten digu.

Gure alaba zur eta lur geratu zen herenegun, zurezko afixa eraitsia lurrari begira zela-eta.

Zorionez, bidean aitzina egin genuen alaba eta biok; bidean gora gindoazelarik, alabak ipuin bat kontatzeko eskatu zidan eta, martxoan gaudenez, Martxoko oilarra eta lamiaren ipuina kontatu nion...

2008/02/25

Satorrarena

Herri guztietan daude kontu xelebreak kontatzeko, -eta kantatzeko, Alaitz eta Maiderrek gaztigatu ziguten bezala-. Aezkoan xelebreetan xelebreena Joanes Iriarteko genuen. Blog honetara behin baino gehiagotan ekarri ditugu haren abenturak eta kalenturak. Fermin Elizondok kontatua, satorrarena dugu.

Diotenez, gizon bat ohartu zen behin sator bat nola sartu zen zulo batetik bestera. Luze itxaron omen zuen, baina, azkenik, makilarekin satorra harrapatzea lortu zuen, eta bizirik eraman zuen udaletxeko aretora. Han batzuk batzartuta zeuden, besteak beste, Joanes Iriarteko. Deliberatu zuten satorrak kalte handia egiten zuela-eta, zigor handia eman behar zitzaiola. Orduan, Joanes Iriartekok esan zuen:
Hiltzea bera baino zigor handiagoa eman behar zaio; bizirik ehortzi behar dugu!

Eta horrela egin omen zuten; bizirik lurperatu zuten satorra. Geroztik ez dut berririk izan nik…


Eta ipuinaren osagarri, Pantxika Solorzano-ren abesti zoragarria ekarri nahi dizuet gogora:

Begi ttiki mutur luzea,
Larru beltz gozoa.
Non ote dago?
Lur azpian uros bizi da
Ha! Ha! Ez duzue ikusiko

Satorra agurka metatik
Satorra gorde da ixilik
Jostatzen da guri kukuka
Trufa baino musika gehiago.

2008/01/15

Mandazain bat Petiriberro-ko bidean

Utzidazu, irakurle maitea, mandazain baten beste istorio bat aletzen.
Diotenez, bazen behin mandazain bat -ez ote zen Arrietakoa izango?-. Bada, mandazain hori Petiriberro-ko bidean dagoen ostatu batean gaua pasatzera sartu zen. Ziotenez, ostatu horretako andre zaharra sorgina zen, eta mandazainak benetan sorgina zen edo ez jakin nahi zuenez, gela batean lo egin ordez, supazterrean, sukaldeko zizeiluan lo egin nahi zuela esan zion ostatuko andreari. Aitzakia gisara, argitu baino lehen bidean jarri behar zela esan zuen mandazainak. Zizeiluan etzan eta lokartuarena egin zuen, zurrunga ederrak ateratzen zituelarik.

Gauerdian, ostatuko andre zaharra zango-puntetan hurbildu zen supazterrera, eta mandazaina lotan zegoen ala ez ikusteko, orratz txiki-txiki batekin oinetan ziztatu zion mandazainari. Mandazainak, lokartuarena egiten jarraitu zuen eta, zurrunga are ozenagoak atera zituen.

Onduan, andre zaharrak, mandazaina lo zegoelako ustean, esan zuen:

-Atera zaitez, plantxapekoa.

Eta, magiaz, eltzetxo bat atera zen plantxapetik, ukenduz betea. Andre hori benetan sorgina zen; eltzetxoan bi hatz sartu eta, handik atera zuen ukendua jarri zuen lokietan, eskumuturretan eta izterretan, bitartean hauxe esaten zuelarik:

-Firirifai, etxean zahar eta kanpoan gazte: malda gainetik ordu erdi batez.

Eta orduan sorgina atera zen tximiniaren zulotik gora, sai zuri bat bezala. Mandazaina gertatzen ari zenarekin izuturik, gerrikoa lotu zion zizeiluari, bera ere ez ote zen aterako tximiniatik gora.

Sorginak berriz esan zuen:

- Atera, zaitez, plantxapekoa.

Eltzetxoko ukenduaz gorputza igurtzi eta une horretan bertan tximiniatik gora hasi zen igotzen… baina zuloan barna ezin izan zen pasa, zizeilua tximiniaren ahoan gelditu baitzen, ez aurrera, ez atzera.

Eta, diotenez, itzuli zenean sorginak barkatu zizkion gastuak mandazainari, han gertatutakoa isilpean gordetzearen ordainetan.

Petra Arotzarena. Abaurrepea

Jexux, Maria eta Joxe!

Mugaz beste aldeko Banka herrian, gau batean, etxeko mutilak zarata arraroak antzeman zituen baserriko sukaldean, eta zer gertatzen ari zen ikustera joan zen. Han, etxeko andre zaharra aurkitu zuen, sukaldeko plantxa altxaturik. Mutila, andre zaharra sorgina zela oharturik, zertan ari zen galdetu zion. Orduan, sorginak esan zion mutilari sorginen batzarrera joan behar zuela eta ea nahi zuen harekin joan.

Mutilak baietz esan zion, eta sorginaren soinean harturik, tximiniatik gora atera zen. Sorginak akelarrera eraman zuen eta, hara helduta, beste sorgin anitzen artean mutilaren andregaia bertan zegoela ikusi zuen. Maria -hala deitzen baitzen mutilaren andregaia- ikustean, mutilak esan zuen, harriduraren harriduraz:

- Jexux, Maria eta Joxe! Zu ere hemen, Maria!

Eta izen santu horiek guztiak entzutean, sorgin guztiek alde egin zuten eta mutila bakar-bakarrik gelditu zen.

Diotenez, mutilak bizpahiru egun behar izan zituen baserria bilatu eta itzultzeko.

Maximino Iziz. Hiriberri

2008/01/06

Emagin bat lamien artean

Behin, Abaurrepean, lamia bat agertu zen emagin baten bila, emagin bat behar zutela-eta. Abaurrepeko emagina topatu eta berarekin eraman zuen.

Lamia eta emagina errota-baltsara heldu ziren eta, han, lamiak ura baztertu eta bidea idortu zuen, bera eta emagina iturri-begiko zulotik sartu ahal izateko.

Emaginak egin beharreko lana eginda, lamiak hauxe esan zion:

- Begira, zure lanaren ordainetan, ez eskatu txarrantxa baino. Beste zernahi eskatzen baduzu, ikatza baino ez duzu eramanen. Eta etxera itzultzean, ez ezazu atzerantz begiratu.

Beraz, emagina lamiaren txarrantxarekin itzuli zen. Baina etxera sartzean, atea ixteko unean aurpegia atzerantz bueltatu zuen eta...

“Kaska!”

Indarrez jaurtiriko harrikada batek atean zulo handi bat egina zuen. Halere, kanpoaldean, lamiaren arrastorik ez...

Diotenez, ate horretako zulo hartatik katuak eta txakurtxoak ibiltzen ziren sartu-irten, goiz-arratsetan, urtetan eta urtetan, lamien beldurrik gabe…

Arestian han nintzen ni, eta orain hemen naiz.

Celestina Bidondo. Abaurrepea

2008/01/02

Neurri gabeko "zera" bat...

Behin Auzperrin, atso bat konfesatzera joan zen. Bekatutxoren bat edo beste konfesatu eta gero, esan zion apaizari beste zera bat konfesatu behar ziola, baina ez zuela zera hori konfesatzeko indarrik, zeharo lotsaturik zegon-eta.

Apaizak esan zion:

- Emakumea, bekatari handiena ere besoak zabal-zabal hartu bazuen Jesus maiteak… Esan ezazu, emakumea, esan zera hori zer den.

Eta emakumeak, lotsa-lotsa eginda esan zion:

- Gorputz-kristi eguneko prozesioan hamabi metroko zera bat egin nuela.

- Hamabi metroko zer?

Eta emazteak bota zuen:

- Hamabi metroko haize bat, apaiz jauna, hamabi metroko… puzker bat!

Apaiza pentsakor gelditu zen une batez eta, hauxe galdetu zion:

- Eta nola neurtu zenuen zera hori, hamabi metro zera bat zela esan duzu-eta, nola neurtu ahal izan zenuen, nola neurtu zure zeraren, lan gaitz horren luzetasuna?

- Badakizu, apaiz jauna, Perkaineko atarian hamabi metroko mihise bat, oihal bat jartzen dela?

- Bai

- Bada, mihise horren bazter batean hasi nuen zera botatzen, eta beste bazterrean bukatu… hamabi metro!

Gero gertatutakoaz ez dut nik izan berririk.

Maximo Iziz. Hiriberri