2010/01/26

Heriotzak erretzen du


Spencer Blake-en silueta beltza ez zen antzematen Swartz Strasse-ko kale kantoi ilunean. Ezkerreko eskua beroki beltzaren poltsikoan, eta eskuan 9 milimetroko Browning-en gider hotza sentitzeak nolabaiteko lasaitasuna ematen zion. Blacke-k bazuen, gainera, negu gorriaz gainera, bestelako motiboak dardarka egoteko: Ekialdeko Berlingo kantoi horretan hitzordua zuen, baina kontaktuak kale eginez gero, sare guztia arriskuan egon, eta errusiarren atzaparretan eror zitekeen.

Lasaitu beharra zuen eta eskuin eskuan piztu berria zuen zigarretaz oroitu zen. Bazekien tabakoa txarra zela, batzuek zioten modu asaldagarrian, tabakoak hil egiten zuela… Baina lasaitu beharra zuen. Eskua jaso, zigarreta ahoratu eta zupada luzea eman zion. Zigarretaren punta gorriz piztu zen kale kantoi iluna; kea irentsi ahala, pentsatu zuen tabakoa txarra izanik ere, behar-beharrezkoa zuela. Sorterriaren, Milwaukee-ren, oihartzuna ekartzen zion gogora edo, agian, Langley-rena: Agentziaren egoitzan emandako denbora luzean tabako gorriaren zapore horretara ohitu zelako; agian, Agentziaren eskoletan ikasitakoa gogora ekartzen ziolako…

Gogoa Milwaukee eta Langleyren arteko eremu etereoan gelditu zitzaion betiko, Spencer Blacke-k ez baitzuen gehiago gogoratzerik izan. Suaren antzera piztu zen kalearen beste aldetik zetorren zera hori ez zen zigarreta baten punta gorria. 9 milimetroko zera horrek kopetan sartu eta burua zartatu zion.

Gero, danbadaren oihartzuna joanda, alboko kale kantoi ilunetik beroki beltzeko gizon lodikote bat atera zen, Tupolev 9 milimetroko pistola eskuan, artean bero. Espioi errusiar horrek gorpua “S.B.” inizialak zituen espioi amerikarrarena zela berretsi zuen: kopetako zuloari odol gorriarekin batera, ke beltza zerion. “Heriotzak erretzen du” pentsatu zuen errusiarrak, soilik Minsk-en sortutakoek duten berezko umore beltz sonatuarekin. Tupolev-a gorde eta burutazio irrigarri horrekin ipuin bat idatz litekeela pentsatu zuen…


2010/01/22

Ipuinlari perfektuaren dekalogoa



Horacio Quiroga-ren dekalogo ospetsua euskaratu du Jesus Maria Mendizabalek, Bizargorrik. Literatura Unibertsala bildumaren azken liburuan dituzu hamar manamendu horiek, idazle uruguaitar horren hamazazpi ipuinen osagarri.
  1. Har ezazu aintzat maisu bat (Poe, Maupassant, Kipling, Txekhov), jainkoa berbera bezala.

  2. Sinets ezazu ezin iritsizko gailurra dela zure artearena. Ez ezazu amestu gaina hartuko diozunik. Gaina har diezaiokezunean, lortuko duzu, zeuk ere jakin gabe.

  3. Eutsi iezaiozu, ahal bezainbatean, imitatzearen tentazioari; imita ezazu, ordea, eragina handiegia denean. Beste ezer baino gehiago, zientzia bat da nortasunaren garapena.

  4. Izan ezazu fede itsua, ez garaipenerako zure ahalmenean, baizik-eta garaipena gutiziatzen duzun grina horretan. Maita ezazu zure artea zure andregaia bezalaxe, bihotz oso-osoa emanez.

  5. Ez zaitez idazten has, lehendabiziko hitzetik nora zoazen jakin ezean. Ipuin egoki burutu batean, lehen hiru lerroek azken hirurek bezainbesteko garrantzia dute ia.

  6. Honako zertzelada hau (“Ibai aldetik haize hotza zetorren”) zehatz eta xehe nahi baduzu adierazi. Hitz horiexez gain beste hitzik ez da gizakien hizkuntzan holakorik adierazteko. Behin hitzen jabe zarenean, ez zaitezela arduratu kontsonante edo asonante diren beren artean.

  7. Ez ezazu, beharrik ezean, adjektibatu. Alfer-alferrik izango dira substantiboari atzetik itsasten dizkiozun isats guzti-guztiak. Doi-doia topatzen duzunean, berak, berak eta bakarrik, izango du kolore paregabea. Baina, topatu beharra dago.

  8. Har itzazu pertsonaiak eskutik eta eraman itzazu atzeraino irmoki, ezarri zenien bidetik kanpo besterik ezer ikusi gabe. Ez ezazu arreta gal, haiek ikusi ezin dutena edota haiei batere axolarik ez diena, zuk begiratuz. Ez ezazu irakurleaz abusa. Betegarrietatik garbitutako nobela da ipuina; ripioen bahetik irazia.

  9. Ez ezazu emozioaren agindupean idatz. Uztazu emozioa hil dadin, eta ekar ezazu gogora gero. Baldin eta orduan berpizteko gauza bazaude, ailegatu zara zure artearen erdi-bidera.

  10. Ez ezazu, idazten diharduzunean, adiskideengan pentsa; ezta zure historiak eragingo duen zirraraz ere. Konta ezazu, kontakizunak zure pertsonaien giro txiki bildu horrentzat ezik interesik ez baleuka bezala; zu zeu izan zintezkeelarik, gainera, pertsonaia horietako bat. Ez da beste inolako modurik ipuinean bizia sortzeko.



Dekalogo sonatu hau estreinakoz 1925eko apirilaren 10ean argitaratu zen Buenos Aires-eko El Hogar aldizkarian. Martin Luterok Wittenberg-eko elizatean nola, Horacio Quiroak hala ezarri zituen hamar aginduok, oraindik indar betean dirautenak.

Halaber, liburuaren atzeko azalean dekalogoa bezain ospetsua den ipuinaren gaineko azalpen hau duzu:

Ipuinak, hasieratik akaberara, esku ikara gabe batek taxututako lerro bakarra izan zezan borrokatu nintzen. Ez traba, ez apainduria, ez barreiamendu bat bera ere ager zitekeen hariaren tentsioa lasaitzera. Ipuina, berez zertarako den aintzat hartuta, gezi bat da. Behin helmuga tirabidean arretaz jarri ostean, arkutik haraxe xuxen abiatzen den gezia. Haren hegaldia ederragotze aldera, gezi gainean pausatzera letorkeen tximeleta orok ez luke oztopoa besterik ekarriko.

Ipuinak baditu bere legeak eta gorde beharrekoak dira. Ipuinaren legeak errespetatu ezean, agian, ahoz bete hortz utz dezakezu irakurlea, baina behin baino gehiagotan galduko duzu. Ipuina gezi bat da, ongi noratu behar duzuna ituan jotzeko.