2010/02/03

Gaur Done Bladi, bihar Santa Ageda bezpera


Eta umeei kontatzen badiegu Santa Agedaren historia? Gorexamar ez ote da? Nik uste dut kontatu behar direla horrelakoak, duda izpirik gabe.

Patxi Zubizarretaren Urrezko giltza izeneko liburu zoragarria azken aurreko saioan erakutsi nizuen. Dakizuenez, Erein argitaletxearen liburu eder horrekin batera, bi CD argitaratu zituzten kanta eta testuekin.

Agate Deunaren historiarekin entzundakoaren ulermena landu daiteke eta liburuaren 51. orrian agertzen den ipuinaren bertsioa moldatu dut errazago eginen zaielakoan.

Aspaldi-aspaldian, Sizilia izeneko irla batean, neskatxa bat bizi zen. Ageda zuen izena eta familia onekoa zen. Gainera, neskatxa xarmanta eta polit askoa omen zen. Neskatxa handitu zen eta neskatxa gazte ezin ederragoa bilakatu zen.

Irla horretako gobernadoreak berak, Kintianus izeneko batek, beretzat nahi izan zuen eta berarekin ezkontzeko esan zion; baina neskatxak harekin ezkondu nahi ez. Kintianus hori neska baino askoz ere zaharragoa izateaz gain, neskak ez zuen batere maite. Izan ere, Ageda eta bere familia osoa kristaua zen, eta garai horretan kristautasuna debekatuta zegoen Sizilian. Horregatik, Kintianus gobernadoreak sarri askotan kristauak atxilotu eta kartzelan sartzen zituen.

Agedak behin baino gehiagotan esan behar izan zion ezetz eta ezetz gobernadore tematiari, baina gobernadore setatiak direnak eta ez direnak egin zituen neska erakartzeko: alferrik, baina! Orduan, gobernadore gaiztoak onez lortzerik izan ez zuena, gaiztoz lortzea erabaki zuen. Egun batez soldaduei Ageda atxilo hartu eta ziega ilun batean sartzeko agindu zien, Ageda kristau izatearen aitzakia hartuta.

Neska gaztea ziegan zela, gobernadoreak bisita egin zion eta berarekin ezkontzeko berriz eskatu zion eta, onartuz gero, libre utziko zuela esan zion. Halere, neskak bereari eutsi zion. Orduan, gobernadore maltzurrak denbora luzez preso atxikiko zuela egin zion mehatxu. Egunak joan eta egunak etorri, halarik ere, neskak ez zuen amore eman nahi izan. Asteak joan eta asteak etorri, eta neskak ez zuela etsiko ikusita, gobernadoreak esan zion neskatxari.

Zu niretzat izan ezean, inorentzat ez zara izanen, eta zure bularrak mozteko aginduko dut eta poliki-poliki odolik geldituko eta hilko zara.

Agedak, orduan halaxe erantzun omen zion:

Halakoxe bi bularretatik edan zenuen zuk ere... Orain emakume errukarri bati moztu behar omen dizkiozu. Bihozgabe halakoa!

Amorraturik, gobernadore errukigabeak neskatxari bi bularrak mozteko eta sutara botatzeko agindu bota zuen, ikatz artean erre zitezen. Eta hala egin zuten soldaduek: lehenbizi, bular bat moztu zioten; baina neska ez zen hil. Orduan, beste bularra moztu zioten eta, halere, neska ez zen hil, harrigarriki zauriak berez ixten zitzaizkiolako neskatxari. Orduan, gobernadore ankerrak, neskatxa sutara botatzeko agindu zuen eta, azkenik, hala hil omen zen neskatxa. Guztiarekin ere, Agedaren istorioa azkar zabaldu zen Sizilia osoan eta anitzek santutzat hartu zuten neskatxa adoretsua.

Diotenez, Ageda hil eta urtebetearen buruan, Siziliako sumendirik handiena, Etna sumendia, laba jaurtitzen hasi zen. Etna inguruan dagoen Katania hiriko biztanleek laguntza eskatu zioten Santa Agedari sumendiaren laba geldiarazteko, Herriak ez baitzuen Kintianus gobernadore gaiztoak egin zuenaren errurik, Harrigarriki, laba berehalakoan gelditu zen eta ez zen iritsi Katania hiriraino.

Harrezkeroztik, Santa Ageda suaren, tximisten eta sumendien babesletzat jo ohi da.

Egia ala gezurra, begi bien artean sudurra.


Ohi bezala, kanta ere hor dugu: jarraian, gure alabak ikasi duen bertsioa duzue, Beran kantatzen omen den gisara

Aintzaldun daigun Agate deuna
bihar da deun Agate
Etxe honetan zorion hutsa
betiko izango al dabe

Ez gaude oso aberats diruz
ezta ere oinetakoz
bainan eztarriz ondo gabiltza
ta kanta nahi degu gogoz

Zorion etxe hontako denoi
olez egitera gatoz
aterik ate ohitura zaharra
aurten berritzeko asmoz
Ez gaude oso aberats diruz
ezta ere oinetakoz
bainan eztarriz ondo gabiltza
ta kanta nahi degu gogoz

Santa Ageda bezpera dugu
Euskal Herriko eguna
etxe guztiak kantuz pozteko
aukeratua duguna
Santa maitea gaur hartu dugu
gure bideko laguna
haren laguntza bete gentzake
egun hontako jardura

Zelai erdian loreak argi
larros krabelin ta lili
etxe hontako etxeko andreak
Ama birgiƱa dirudi
Etxe hontako urdaiazpiko
asko kakutik zintzilik
ta lukainka gorriak ugari
poltsa betetzeko guri.



Eta aurten ez badizue eman denbora lantzeko, gorde hurrengo ikasturterako.

On dagizuela.