2010/02/12

Yamanba jankosaren elezaharra

Behinola, Japonia urruneko irletan jainko-jainkosa guztiak bizi ziren bakar-bakarrik, gizakirik ez zen garai haietan. Horietarik bat, Yamanba jainkosa, Fujiyama mendian bizi zen.


Neguko egun batean, elurra mara-mara ari zuen eta Yamanba mendiaren magalean zela, ohartu zen Japoniako lurralde ederrak hutsik zeudela, beste jainko-jainkosek oso gutxitan uzten baitzuten Fujiyama mendiaren egoitza sakratua beheko haranetara jaisteko.


Orduan, Yamanbak zazpi elur-bola handi harturik, elur-panpina bat egin zuen. Eguzkiaren indarrez elurra urtzen hasi zen eta handik atera zen gizaki bat, elurra bezain hotza. Yamanbak ikusi zuen gizaki zuria eta ez zitzaion gustatu.


Yamanba ez zen pozik geratu eta menditik behera jaitsi zen, urtutako elurrak sortutako erreka batera heldu zen arte. Han, errekaren ertzean buztina zegoen. Zazpi buztin-bola handi baliaturik, Yamanbak buztinezko irudi bat egin zuen. Eguzki-izpien indarrez, buztina zartatzen hasi zen eta handik atera zen gizaki bat, buztina bezain zakarra. Yamanbak ikusi zuen gizaki beltza eta hori ere ez zitzaion gustatu.


Asmatzen ez zuela ikusita eta amore emateko zorian zela, horra hor antzeman zuela lokatz artean, ur geldotan, sekula ikusitako lorerik ederrena: loto lorea zen, lohiaren artean dirdiratsu.


Yamanbak, lohietatik kontu handiz erauzi zituen zazpi loto lore handi, ederrenetan ederrenak, eta are kontu handiagoz jarri zituen banan-banan bata bestearen ondoan, hostoz hosto. Lan handia egin zuen oraingo honetan. Izan ere, zazpi gau eta zazpi egun eman zuen harik eta zazpigarren egunaren egunsentian, eguzkia atera zen eta beronen izpien indarrarekin loto loreen hostoak zimurtu eta erori ziren arte.


Tximeleta krisalida batetik nola, hola sortu zen gizaki biribil, eder eta akatsik gabeko bat Eguzkiarekin batera sortu zenez, Yamanbak Ni-pon deitu zion, “ekialdetik sortua” alegia. Eta Yamanbak ikusi zuen gizaki horrek bai merezi zuela jainko-jainkosen lurraldean bizitzea.


Eta, harrezkero, japoniarrak bizi dira Japonian Yamanba jainkosaren eta beste jainko-jainkosen babespean.