2007/12/12

Andu Lertxundirekin Konpainia Noblean

Andu Lertxundiren Konpainia Noblean izeneko liburu gogoangarrian, 85. orrian, agertzen da pasarte eder hau:

AIZTIAN HAN NINTZEN ETA ORAIN HEMEN

Aiztian han nintzen eta orain hemen, esanez bukatzen zituzten Aezkoakoek beren ipuinak. Ordu arte aho zabalik eta miraz eduki duen haurra protestaka hasi zaio Aezkoako amonari beste ipuin bat eskatuz, umeak ez baitu oraingo eta hemengo errealitatera itzuli nahi, ipuinak iraun bitartean aiztian (arestian) eta han denbora-espazio fikziozkoetan ibili eta gero.

Aita-semeen arteko harremanetan, iraganeko afektibitatea da arestian eta han; zaharron ezinaren errealitate gordina, berriz, orain eta hemen. Ai afektibitatea urritzen denean, zenbat kostatzen zaigun harremanen errealitate gordinari eustea! Aezkoakoena bezalako formularen bat bilatu beharko genuke hi, seme edo aizu, aita esan, eta arestian han ginenak, orain eta hemen garen bezalakoak agertzeko: ni zahar baldar, eta semea afektibitatea gaurkotu ezinik, alegia."


Ezin izan diot tentaldiari eutsi eta blog xume honetara ekarri dut...

2007/12/10

Egia eta Fedea

Aezkoakoak batzarrean biltzen zirenean, ez omen ziren behin ere ados izaten. Horregatik, egun batean erabaki zuten beraien arteko norbait Iruñera bidaltzea, eta han jakitun bati soluziobidea galdetzea. Horretarako, Joanes Iriarteko hautatu zuten. Iruñera joan zen eta, han, atari-ondoan, estudiante bat aurkitu zuen.

-Ze ari zara? –galdetu zion estudianteak

-Aezkoa ibarrekoak gobernatzeko zerbait nahi genuke.

- Zatoz nirekin eta nik emango dizut Egia eta Fedea. Horiekin erraz jarriko dira ados.

Ostatura eraman zuen Joanes eta han, eltze banatan zerbait ekarri zuen, larru batez estalirik.

-Hara, Joanes, hauxe da egin behar duzuena.. Batzarra hartan buru zareten hirurek bina hatz sartu bi eltze hauen barnera, baina eltzea guztiz zabaldu gabe eta barnekoa probatuz. Baina bidean ez zabaldu, gauza bizia baitute barnean.

Aezkoara bueltan, batzarrean bildu zirenean, han zeuden bi eltzeak, Egia eta Fedea, mahai baten gainean. Mandatariak esan bezala, buru ziren hirurak zutik jarrira, eta mahaira hurbildu ziren. Bakoitzak hatza sartu eta barnekoa probatu zuenean…

Batek esan zuen:

- Kaka duk

Beste batek:

- Hala duk, kaka duk.

Eta hirugarrenak, Joanes Iriartekoak berak:

- Egia eta fedea, hala duk.

Martin Arotzamenak, Hiriberriko apaizak, kontatua

2007/12/07

Martxoko oilarra eta lamia

Behin bazen, martxoan, abereak edaten ematera baserritik atera zen gazte ilegorri bat. Edateko lekutik bueltan, ilundu zuen eta, gainera, gazte ilegorriak sumatu zuen lamia bat segika zebilkiola; gazte ilegorria beldurtu zen, lamiak ez ote zuen harrapatuko beldur baitzen. Gaua zen eta etxeraino artean puska on bat gelditzen zitzaion… eta lamiak atzetik jarraitzen zion.

Orduan gazteak gogoratu zuen lamiak gauez bakarrik ibiltzen direla, eta oilarrak kantatu orduko desagertzen direla lamiak.

Martxoa zenez, gazte ilegorriak esan zuen:

- Martxoko oilarra, arren! Kantatu ni salbatzearren!

Eta oilarraren kantua aditu zen, gaua izanda ere: kukurruku!

Orduan lamiak alde egin zuen, haserre bizian, hauxe esaten zuelarik:

- Madarikatua oilar horren mihia, horrengatik galdu baitut gazte ilegorria!

Hala bazan martxoan, Abaurrepeako plazan, saguzarrak dantzan

Abaurrepean ikasia

2007/12/06

Alkate bat zeruko atarian

Behin, goiko zeruetan, Jesus San Pedrorekin hasi zen mokokan; Jesusek errieta bota zion San Pedrori, esanez, negarren aurrean bihotza samurtzen zitzaiola-eta, zerura behar ez zirenak sartzen uzten zituela. San Pedro, nahigabeturik, zin egin zuen etortzen zitzaion hurrengo estutuko zuela eta ez zuela nolanahi pasatzen utziko.

Hurrengoa alkate andaluz bat zen, eta zerura sartzeko baimena eskatu zuen, kontzientziaz eta gorputzaz garbi zegoela gaineratuz.

San Pedrok esan zion:

- Gorputza garbia ote duzun ikusteko, munduko purga bat hartu behar duzu.

Purga jasan nahi ez eta alkate andaluzak bi mila pezeta –hamabi €- eskaini zizkion, purgarik gabe pasatzen uzteko.

Eta San Pedrok:

- Hemen diruak ez du deus ere balio.

Orduan alkateak:

- Nire probintziako gobernadoreak ehun pezeta ere pozik hartzen ditu, nik nahi dudana egiteko.

Orduan, San Pedrok aingeru guardakoari munduko purgaren bila joateko agindu zion. Berehala ekarri zuen aingeruak eta alkateari purga harrarazi.

Berehala hasi zen alkate andaluza ahotik barnekoak botatzen: lehenik, belar batzuk, gero errepidetako txintxarriak, eta, azkenik, pinu zuhaitz batzuk.

Hori ikusirik, San Pedrok erran zion:

- Zure gorputza ez dago garbi zerura joateko; zer gertatu zen hori orain botatzeko?

Aingeru guardakoak esan zuen:

Alkatea zelarik belarrak errentan hartzen zituen, baita errepideak eta oihanak ere, gero beste bati saltzeko.

Orduan San Pedrok esan zuen:

- Horiek itzuli arte ez zara zerura joango. Orain berandu da.

Ezkerreko aldean atari bat erakutsi zion, esanez:

- Zoaz hemendik; hor badaude, infernuan, zu bezalako beste alkate batzuk...

Hiriberriko Maximino Iziz-ek kontatua,

2007/12/05

Beharra

Goiz batean, aitak astoari egur zama jarri eta gero, etxera sartu zen gosaltzera. Orduan, nik erran nion

-Aita, ni joan ninteke astoarekin mendira, hara joan eta astoa kargatzen laguntzeko inor izanen banu. Orduan zu gosaltzen gelditu zintezke etxean eta nik astoa egurrez betea etxera ekarriko nuke

Eta aitak esan zidan.

-Beharrak lagunduko dizu kargatzen, beharrak lagundiko dizu; zoaz lasai eta ikusiko duzu zein ongi etortzen zaren.

Horrela joan nintzen asto gainean. Nik ezagutzen nuen mendia, eta nire aitak agindu bezala, lasaitasun osoz joan nintzen. Mendira heldu eta astoa bera gelditu zen egur piloaren ondoan. Ni astorik jaitsi, sokak jarri eta egon nintzen istant batean, ea etortzen zen beharra; baina inor ez zen heldu. Orduan hasi nintzen beharrari deitzen:
-Beharra, beharra!

Baina beharra ez zen ageri. Inor agertzen ez zenez, aspertuta nengoen eta bakar-bakarrik… Orduan ni-neu hasi nintzen egurrak jartzen asto gainean, ongi eta bizkor, ohitura banu bezala. Eta gainera egur asko jarri nionean, nola jarri soka? Lehen bezala beharrari deika hasteko zorian egon nintzen… baina, azkenik, han hasi nintzen sokarekin lotzen alde batera eta bestera… eta lortu nuenean, etxera abiatu nintzen. Astoa ongi joan zen eta ez zitzaion egurra erori. Etxera heldu eta han, atarian, aita, ama eta amatxi zeuden, ni noiz agertuko zain.

Aita ikusi orduko esan nion:

- Aita, inor ez da etorri astoa kargatzen laguntzera.

- Eta zuk nola egin duzu bakarrik?

- Nola? Egin behar!

- Hori da beharra

Mezkiritzko Perpetua Saragueta idazleak kontatua

Orbarako akerra

Orbaran aker bat zorriz bete zitzaien eta herri guztia bildu zen. Oso kezkatuta zeuden guztiak, akerra mehetzen ari zelako eta laster hilko zelako. Hala uste zuten guztiek. Oso gizon zentzudun bat zegoen Orbaran egun haietan: Joanes Iriarteko. Hari adierazi zioten gertatzen zena eta galdegin zioten ea zer egin behar zen.

Joanes Iriartekok hauxe esan zien:

-Aker hori sar ezazue pertz batean, pil-pilean dagoen oliotan.

Horren zentzudun omen zen Joanes Iriartekori kasu eginda, akerra olioak irakiten zuen pertz batean sartu zuten, akerrak hortzak zuri-zuri ageri zituela. Hortz zuri-zuriak zertaz erakusten zituen galdetuta, Joanes Iriartekok esan zuen akerra pozik zegoela, irriz zegoela esan zuen. Hila zen aker gaixoa.

Arestian han nintzen, eta orain hemen, istorio hau kontatzen…

Orbarako Martin Arotzarenak kontatua.

2007/12/04

Aetz gor bat

Behin bazen eta bazen behin, Aetz gor bat, Garraldako erreka ondoan zegoena. Aetz gor hori putzu baten ondoan zegoen, behorra eta behorkumea zaintzen. Bidaiari bat ikusi zuen urrundik zetorrela bidean barna eta bere artean esan zuen aetz gorrak:

“Horrek niri zerbait esango dit eta nik ez diot adituko. Lehenbiziko galdera zein izanen ote da? Dudarik gabe, hauxe: Norena da behor hori? Nik erantzungo diot: Neurea behorra. Egingo didan bigarren galdera: Eta kumea? Eta nik erantzungo: Baita bere kumea ere. Gero galdetuko dit ea putzu hori handia den…
Neurtzeko aetzak akuilua sartu zuen putzuan eta makilaren koskorreraino sartzen ahal zela frogatu zuen.
"Gero galdetuko dit ea Aribera nondik joaten den eta, amaitzeko, galdetuko dit ea Aribe urrun edo hurbil dagoen. Orduan nik erantzungo diot: Bai; mendi bizkar hori iragan eta berehala.”.

Heldu zen bidaiaria eta galdetu zion aetzari:

-Egun on, aetza.

-Neurea behorra.

-Otsoak jango ahal dizu!

-Baita bere kumea ere.

Bidaiaria, gero eta haserreago bota zion orduan:

-Akuilu hori sartuko dizut ipurditik!

Eta gorrak:

-Koskor honetaraino!

-Deabruak eramanen ahal zaitu!

-Bide horretatik goiti.

-Lepoa hautsiko zaitut!

-Bai, mendi bizkar hori iragan eta berehala.


Hala zan deabru zaharra dantzan

2007/11/27

Iraganaren bidetik aitzina

Kaixo:

Atzo bukatu genuen Ipuin Tailerra eta Herri Ipuinak ikastaroa. Bi hilabetez, -zintzo demonio- EIBZra etorri zarete astelehenero-astelehenero eta, baliteke, orain ez jakitea zer egin astelehen arratsaldetan...
Hala bada, Iragaranen Bidetik izeneko blog honetan sartzeko gonbitea egin nahi dizuet. Atzo azaldu nuen bezala, ikastaroan ikusi genituen Aezkoa, Mezkiritz eta Luzaideko herri ipuin zenbait batuaz jartzea otu zitzaidan, lagungarri suerta dakizuen; finean, zuen/gure ikasle gehien-gehienek profita ditzaten, sekula ez dago sobera batuerazko bertsio bat izatea eskura...
Hortaz eta beraz, anima zaitezte zuen iruzkinak egiten eta, nahi izanez gero, zuen bertsioak gehitzen, hartara, askoz aberasgarriagoa izanen baita blog hau.
Amaitzeko, mila esker anitz zuen pazientziagatik eta, zuen inkestak irakurrita, mila esker anitz eta bat gehiago. Ongi esanak barkatu eta gaizki esanak kontuan hartu...
Et, et, et! Ez ote zen alderantziz?

2007/11/26

Beharra

Goiz batean, aitak astoari egur zama jarri eta gero, etxera sartu zen gosaltzera. Orduan, nik erran nion

Aita, ni joan ninteke astoarekin mendira, hara joan eta astoa kargatzen laguntzeko inor izanen banu. Orduan zu gosaltzen gelditu zintezke etxean eta nik astoa egurrez betea etxera ekarriko nuke

Eta aitak esan zidan.

- Beharrak lagunduko dizu kargatzen, beharrak lagundiko dizu; zoaz lasai eta ikusiko duzu zein ongi etortzen zaren.

Horrela joan nintzen asto gainean. Nik ezagutzen nuen mendia, eta nire aitak agindu bezala, lasaitasun osoz joan nintzen. Mendira heldu eta astoa bera gelditu zen egur piloaren ondoan. Ni astorik jaitsi, sokak jarri eta egon nintzen istant batean, ea etortzen zen beharra; baina inor ez zen heldu. Orduan hasi nintzen beharrari deitzen: “Beharra, beharra!” Baina beharra ez zen ageri. Inor agertzen ez zenez, aspertuta nengoen eta bakar-bakarrik… Orduan ni-neu hasi nintzen egurrak jartzen asto gainean, ongi eta bizkor, ohitura banu bezala. Eta gainera egur asko jarri nionean, nola jarri soka? Lehen bezala beharrari deika hasteko zorian egon nintzen… baina, azkenik, han hasi nintzen sokarekin lotzen alde batera eta bestera… eta lortu nuenean, etxera abiatu nintzen. Astoa ongi joan zen eta ez zitzaion egurra erori. Etxera heldu eta han, atarian, aita, ama eta amatxi zeuden, ni noiz agertuko zain.

Aita ikusi orduko esan nion:

- Aita, inor ez da etorri astoa kargatzen laguntzera.

- Eta zuk nola egin duzu bakarrik?

- Nola? Egin behar!

- Hori da beharra -esan zuen aitak.

Mezkitzeko Perpetua Saragueta idazleak kontatua

2007/11/25

Ezkontza bat haustea?

Oroz Betelun, urte zenbait ezkondurik emanda, elkarrekin bizi behar eta ezin bizi, senar-emaztea joan ziren arratsalde batean apaizarengana eta hauxe esan zioten. “- Jauna, zuk elizaz ezkondu gintuzun bezala, nahi genuke gure arteko ezkontza laxatzea eta haustea. Zure esku badago, nahi genuke elkarrengandik bereizi eta nor bere kasa bizi.”

Apaizak hauxe galdetu zien: “- Ez al duzue bakerik zuen artean?” eta senar-emazteak, -horretan ados bederen,- biek ala biek arrapostu: “- Bakerik ez! Infernuan bezala bizi gara elkarrekin...” Apaizak irria ezpainetan zuelarik biharamunean agertzeko berriro mezatara esan zien.

Biharamunean, goizean goizik, meza-ezkilak jo orduko senar-emazte haiek agertu ziren elizara. Orduan, apaiza agertu zen, ederki jantzirik eta elizmutila gurutzearekin aitzinean zuelarik; senar-emaztea belaunikarazi eta latinezko erretolika bat hasi zen irakurtzen eta, lantzean behin, gizonari buruan kaska ematen zion isipuarekin... gero emazteari ere buruan kaska isipuarekin. Latinezko erretolika zenbat eta ozenago, kaska-kaska buruan bati eta besteari gero eta gogorrago. Kaska eta kaska, gero eta azkarrago, gero eta gogorrago , eta orduan senar-emazteak galdegin zuten:

“- Apaiz jauna, gure ezkontza hausteko otoitz horiek asko iraunen al dute? ” Eta apaizak: “- Nik hau baino ez dakit: ezkontzak iraunen duela bietako bat hil arte. ” Argudio gogor horien aurrean, etxera joan ziren senar-emaztea, eta apaiza elizara meza ematera sartu zen.

Geroztik pasatuez ez dut izan berririk

2007/11/24

Orbarako zubian

Behin, Orbara herrian, gizon batzuk tabernatik atera eta etxerako bidean zirelarik, zubia behar zuten pasatu. Arnoz ausarki eta zentzuz urri, zubitik pasatzean, hara non ikusten duten ilargi betearen isla Irati ibaiaren ur azalean. Arnoaz akuiaturik edo, sabelako zorriak dantzan zituzten hire gizonek. Ilargiaren borobila ur azalean ikusi eta, gazta borobil eder bat zelakoan, hara non bata besteari elkarri helduta, zubitik zintzitik jarri ziren eta behekoak gazta harrapatzen zuen... Baina harrapatu ezinik eta tiraka-tiraka, hara non halako batena hirurak Iratira erori ziren. Orduan konturatu ziren han ez zela gaztarik, ilargi ederraren isla baizik.

Diotenez, bustialdi ederraren ondorioz, arnoaren eragin oro desagertarazi eta serio demonio itzuli omen ziren euren etxeetara. Orabarako zubian istorio xelebre hau gertatu omen zen, aspaldi-aspaldian. Iraganaren bidean ez dadila gal honera ekarria.
Eta egia bada sakelan sar, gezurra bada kontuan ez har.

Arrietako mandazainaren istorioa

Aspaldi ez dela, Arrietako mandazaina joan zen Orreagara konfesatzera. Orreagako apaizari kontatu zion mandazainak berak ardoa saltzen zuela inguru horietan guztietan, baita apaiz jaunari berari ere... baina aitortu zion ardoari ura nahasten ziola. Orduan, apaizak esan zion ardoari ura nahastea bekatua zela, eta ez egiteko horrelakorik sekula sekulorum. Orreagatik abiatu eta, egun horretan bertan itzuli zen Arrietara mandazaina ardoa kargatzera.
Han, Arrietan, ohi bezala, mandazainaren semeak ardoari ura gaineratu nahi izan zion. Mandazainak errieta bota zion semeari:
“- Ken ezak, ken ezak! Hori ezin diagu egin; ardoari ezin zaiok ura nahastu, bekatua duk-eta! Hobe duk zahagietan lehenik ura bota, eta gero, ardoa!”
Etxekoa aho bete hortzekin gelditu omen zen, baina aitaren agindua bete egin zuen, baita zahagia urez betetzen hasi ere. Orduan mandazainak azken agindua eman zion:
“- Orain bota ardoa ausarki, hori ja ez baita bekatu.”
Hala izan omen zan, deabrua zaharra dantzan.

Erregea eta txapel-egilea

Duela egun gutxi batzuk, Espainiako Auzitegi Nazionalak ia-ia hiruna mila €ko zigorra ezarri die gazte kataluniar biri, ustez Juan Carlos Iaren irudi bati su emateagatik. Monarkiaren garai loriotsuak iraganaren bidetik galdu omen dira...

Eta iragaranen bidean barna, hara non Mezkiritzen kontatzen den istorio baten arabera, erregearentzako txapela bat enkargatu zioten behin txapel-egile bati; ez omen zen oso erregezalea, zeren txapela emateko data atzeratu eta erregerentzako txapelaren kontua izugarri luzatu zen. Txapel-egileak esan zuen bi urtez lanean aritua zela eta, azkenik, baietz, bazela erregerentzako txapela prest. Dena den, txapel-egileak berak ez zuen eraman txapela jauregira, eta beste morroi batek eraman omen zuen. Jauregian, txapela hori opari bat zela esan zioten erregeri, ez zuela deus ere ordaindu beharko, debalde-balde-gorria izanen zela horrenbeste denbora egiten kostatu zen txapela hori. Erregeak susmo txarra hartuko zuen, nonbait, ezen morroiari txapela janzteko agindu baitzion. Morroiak txapela jantzi eta, berehala, zilarrezko bi orratz luze lokietatik sartu zitzaizkion, burua gurutzatu eta bertan hilik erori zen. Harrezkero, txapel-egilearen arrastorik ez da sekula izan.
Baina argi dago erregezalea ez izatea ez dela gaur goizeko kontua...


2007/11/23

Supazterreko eleak eta aleak

Gaur goizean Uztaritzeko Titika esatariak iragarri digu Euskadi Irratian eguraldi hitsa eta hotza, supazterrean emateko egunak omen datozkigu... supazterrik duenak, noski. Supazterrean ezinbestekoa da istorio on bat izatea, zer kontaturik izatea... Supazterreko Eleak izeneko liburu ederra argitaratu zuen aspaldi Hizkuntza Politikarako Zuzendaritza Nagusiak. Garraldako Xamarren ekimenez.
Liburu zoragarri horietako istorioak erabili ditugu Ipuin Tailerra eta Herri Ipuinak ikastaroan... eta ikasleei errazago suerta dakien egokitu ditut, istorio horien "fair use" eginez. Iraganaren bidean gal ez daitezen eta Interneten zabal daitezen egindako ahalegintxoa da, ikastaroa bukatuta ere nolabaiteko kontaktua mantentzeko asmoz egina.
Garraldan bertan duzu benetako Iraganaren bidea, Lakorona mendira joatekoa. Abia gaitezen...