2010/01/26

Heriotzak erretzen du


Spencer Blake-en silueta beltza ez zen antzematen Swartz Strasse-ko kale kantoi ilunean. Ezkerreko eskua beroki beltzaren poltsikoan, eta eskuan 9 milimetroko Browning-en gider hotza sentitzeak nolabaiteko lasaitasuna ematen zion. Blacke-k bazuen, gainera, negu gorriaz gainera, bestelako motiboak dardarka egoteko: Ekialdeko Berlingo kantoi horretan hitzordua zuen, baina kontaktuak kale eginez gero, sare guztia arriskuan egon, eta errusiarren atzaparretan eror zitekeen.

Lasaitu beharra zuen eta eskuin eskuan piztu berria zuen zigarretaz oroitu zen. Bazekien tabakoa txarra zela, batzuek zioten modu asaldagarrian, tabakoak hil egiten zuela… Baina lasaitu beharra zuen. Eskua jaso, zigarreta ahoratu eta zupada luzea eman zion. Zigarretaren punta gorriz piztu zen kale kantoi iluna; kea irentsi ahala, pentsatu zuen tabakoa txarra izanik ere, behar-beharrezkoa zuela. Sorterriaren, Milwaukee-ren, oihartzuna ekartzen zion gogora edo, agian, Langley-rena: Agentziaren egoitzan emandako denbora luzean tabako gorriaren zapore horretara ohitu zelako; agian, Agentziaren eskoletan ikasitakoa gogora ekartzen ziolako…

Gogoa Milwaukee eta Langleyren arteko eremu etereoan gelditu zitzaion betiko, Spencer Blacke-k ez baitzuen gehiago gogoratzerik izan. Suaren antzera piztu zen kalearen beste aldetik zetorren zera hori ez zen zigarreta baten punta gorria. 9 milimetroko zera horrek kopetan sartu eta burua zartatu zion.

Gero, danbadaren oihartzuna joanda, alboko kale kantoi ilunetik beroki beltzeko gizon lodikote bat atera zen, Tupolev 9 milimetroko pistola eskuan, artean bero. Espioi errusiar horrek gorpua “S.B.” inizialak zituen espioi amerikarrarena zela berretsi zuen: kopetako zuloari odol gorriarekin batera, ke beltza zerion. “Heriotzak erretzen du” pentsatu zuen errusiarrak, soilik Minsk-en sortutakoek duten berezko umore beltz sonatuarekin. Tupolev-a gorde eta burutazio irrigarri horrekin ipuin bat idatz litekeela pentsatu zuen…