2008/01/15

Mandazain bat Petiriberro-ko bidean

Utzidazu, irakurle maitea, mandazain baten beste istorio bat aletzen.
Diotenez, bazen behin mandazain bat -ez ote zen Arrietakoa izango?-. Bada, mandazain hori Petiriberro-ko bidean dagoen ostatu batean gaua pasatzera sartu zen. Ziotenez, ostatu horretako andre zaharra sorgina zen, eta mandazainak benetan sorgina zen edo ez jakin nahi zuenez, gela batean lo egin ordez, supazterrean, sukaldeko zizeiluan lo egin nahi zuela esan zion ostatuko andreari. Aitzakia gisara, argitu baino lehen bidean jarri behar zela esan zuen mandazainak. Zizeiluan etzan eta lokartuarena egin zuen, zurrunga ederrak ateratzen zituelarik.

Gauerdian, ostatuko andre zaharra zango-puntetan hurbildu zen supazterrera, eta mandazaina lotan zegoen ala ez ikusteko, orratz txiki-txiki batekin oinetan ziztatu zion mandazainari. Mandazainak, lokartuarena egiten jarraitu zuen eta, zurrunga are ozenagoak atera zituen.

Onduan, andre zaharrak, mandazaina lo zegoelako ustean, esan zuen:

-Atera zaitez, plantxapekoa.

Eta, magiaz, eltzetxo bat atera zen plantxapetik, ukenduz betea. Andre hori benetan sorgina zen; eltzetxoan bi hatz sartu eta, handik atera zuen ukendua jarri zuen lokietan, eskumuturretan eta izterretan, bitartean hauxe esaten zuelarik:

-Firirifai, etxean zahar eta kanpoan gazte: malda gainetik ordu erdi batez.

Eta orduan sorgina atera zen tximiniaren zulotik gora, sai zuri bat bezala. Mandazaina gertatzen ari zenarekin izuturik, gerrikoa lotu zion zizeiluari, bera ere ez ote zen aterako tximiniatik gora.

Sorginak berriz esan zuen:

- Atera, zaitez, plantxapekoa.

Eltzetxoko ukenduaz gorputza igurtzi eta une horretan bertan tximiniatik gora hasi zen igotzen… baina zuloan barna ezin izan zen pasa, zizeilua tximiniaren ahoan gelditu baitzen, ez aurrera, ez atzera.

Eta, diotenez, itzuli zenean sorginak barkatu zizkion gastuak mandazainari, han gertatutakoa isilpean gordetzearen ordainetan.

Petra Arotzarena. Abaurrepea

Jexux, Maria eta Joxe!

Mugaz beste aldeko Banka herrian, gau batean, etxeko mutilak zarata arraroak antzeman zituen baserriko sukaldean, eta zer gertatzen ari zen ikustera joan zen. Han, etxeko andre zaharra aurkitu zuen, sukaldeko plantxa altxaturik. Mutila, andre zaharra sorgina zela oharturik, zertan ari zen galdetu zion. Orduan, sorginak esan zion mutilari sorginen batzarrera joan behar zuela eta ea nahi zuen harekin joan.

Mutilak baietz esan zion, eta sorginaren soinean harturik, tximiniatik gora atera zen. Sorginak akelarrera eraman zuen eta, hara helduta, beste sorgin anitzen artean mutilaren andregaia bertan zegoela ikusi zuen. Maria -hala deitzen baitzen mutilaren andregaia- ikustean, mutilak esan zuen, harriduraren harriduraz:

- Jexux, Maria eta Joxe! Zu ere hemen, Maria!

Eta izen santu horiek guztiak entzutean, sorgin guztiek alde egin zuten eta mutila bakar-bakarrik gelditu zen.

Diotenez, mutilak bizpahiru egun behar izan zituen baserria bilatu eta itzultzeko.

Maximino Iziz. Hiriberri

2008/01/06

Emagin bat lamien artean

Behin, Abaurrepean, lamia bat agertu zen emagin baten bila, emagin bat behar zutela-eta. Abaurrepeko emagina topatu eta berarekin eraman zuen.

Lamia eta emagina errota-baltsara heldu ziren eta, han, lamiak ura baztertu eta bidea idortu zuen, bera eta emagina iturri-begiko zulotik sartu ahal izateko.

Emaginak egin beharreko lana eginda, lamiak hauxe esan zion:

- Begira, zure lanaren ordainetan, ez eskatu txarrantxa baino. Beste zernahi eskatzen baduzu, ikatza baino ez duzu eramanen. Eta etxera itzultzean, ez ezazu atzerantz begiratu.

Beraz, emagina lamiaren txarrantxarekin itzuli zen. Baina etxera sartzean, atea ixteko unean aurpegia atzerantz bueltatu zuen eta...

“Kaska!”

Indarrez jaurtiriko harrikada batek atean zulo handi bat egina zuen. Halere, kanpoaldean, lamiaren arrastorik ez...

Diotenez, ate horretako zulo hartatik katuak eta txakurtxoak ibiltzen ziren sartu-irten, goiz-arratsetan, urtetan eta urtetan, lamien beldurrik gabe…

Arestian han nintzen ni, eta orain hemen naiz.

Celestina Bidondo. Abaurrepea

2008/01/02

Neurri gabeko "zera" bat...

Behin Auzperrin, atso bat konfesatzera joan zen. Bekatutxoren bat edo beste konfesatu eta gero, esan zion apaizari beste zera bat konfesatu behar ziola, baina ez zuela zera hori konfesatzeko indarrik, zeharo lotsaturik zegon-eta.

Apaizak esan zion:

- Emakumea, bekatari handiena ere besoak zabal-zabal hartu bazuen Jesus maiteak… Esan ezazu, emakumea, esan zera hori zer den.

Eta emakumeak, lotsa-lotsa eginda esan zion:

- Gorputz-kristi eguneko prozesioan hamabi metroko zera bat egin nuela.

- Hamabi metroko zer?

Eta emazteak bota zuen:

- Hamabi metroko haize bat, apaiz jauna, hamabi metroko… puzker bat!

Apaiza pentsakor gelditu zen une batez eta, hauxe galdetu zion:

- Eta nola neurtu zenuen zera hori, hamabi metro zera bat zela esan duzu-eta, nola neurtu ahal izan zenuen, nola neurtu zure zeraren, lan gaitz horren luzetasuna?

- Badakizu, apaiz jauna, Perkaineko atarian hamabi metroko mihise bat, oihal bat jartzen dela?

- Bai

- Bada, mihise horren bazter batean hasi nuen zera botatzen, eta beste bazterrean bukatu… hamabi metro!

Gero gertatutakoaz ez dut nik izan berririk.

Maximo Iziz. Hiriberri