2008/01/15

Mandazain bat Petiriberro-ko bidean

Utzidazu, irakurle maitea, mandazain baten beste istorio bat aletzen.
Diotenez, bazen behin mandazain bat -ez ote zen Arrietakoa izango?-. Bada, mandazain hori Petiriberro-ko bidean dagoen ostatu batean gaua pasatzera sartu zen. Ziotenez, ostatu horretako andre zaharra sorgina zen, eta mandazainak benetan sorgina zen edo ez jakin nahi zuenez, gela batean lo egin ordez, supazterrean, sukaldeko zizeiluan lo egin nahi zuela esan zion ostatuko andreari. Aitzakia gisara, argitu baino lehen bidean jarri behar zela esan zuen mandazainak. Zizeiluan etzan eta lokartuarena egin zuen, zurrunga ederrak ateratzen zituelarik.

Gauerdian, ostatuko andre zaharra zango-puntetan hurbildu zen supazterrera, eta mandazaina lotan zegoen ala ez ikusteko, orratz txiki-txiki batekin oinetan ziztatu zion mandazainari. Mandazainak, lokartuarena egiten jarraitu zuen eta, zurrunga are ozenagoak atera zituen.

Onduan, andre zaharrak, mandazaina lo zegoelako ustean, esan zuen:

-Atera zaitez, plantxapekoa.

Eta, magiaz, eltzetxo bat atera zen plantxapetik, ukenduz betea. Andre hori benetan sorgina zen; eltzetxoan bi hatz sartu eta, handik atera zuen ukendua jarri zuen lokietan, eskumuturretan eta izterretan, bitartean hauxe esaten zuelarik:

-Firirifai, etxean zahar eta kanpoan gazte: malda gainetik ordu erdi batez.

Eta orduan sorgina atera zen tximiniaren zulotik gora, sai zuri bat bezala. Mandazaina gertatzen ari zenarekin izuturik, gerrikoa lotu zion zizeiluari, bera ere ez ote zen aterako tximiniatik gora.

Sorginak berriz esan zuen:

- Atera, zaitez, plantxapekoa.

Eltzetxoko ukenduaz gorputza igurtzi eta une horretan bertan tximiniatik gora hasi zen igotzen… baina zuloan barna ezin izan zen pasa, zizeilua tximiniaren ahoan gelditu baitzen, ez aurrera, ez atzera.

Eta, diotenez, itzuli zenean sorginak barkatu zizkion gastuak mandazainari, han gertatutakoa isilpean gordetzearen ordainetan.

Petra Arotzarena. Abaurrepea

Jexux, Maria eta Joxe!

Mugaz beste aldeko Banka herrian, gau batean, etxeko mutilak zarata arraroak antzeman zituen baserriko sukaldean, eta zer gertatzen ari zen ikustera joan zen. Han, etxeko andre zaharra aurkitu zuen, sukaldeko plantxa altxaturik. Mutila, andre zaharra sorgina zela oharturik, zertan ari zen galdetu zion. Orduan, sorginak esan zion mutilari sorginen batzarrera joan behar zuela eta ea nahi zuen harekin joan.

Mutilak baietz esan zion, eta sorginaren soinean harturik, tximiniatik gora atera zen. Sorginak akelarrera eraman zuen eta, hara helduta, beste sorgin anitzen artean mutilaren andregaia bertan zegoela ikusi zuen. Maria -hala deitzen baitzen mutilaren andregaia- ikustean, mutilak esan zuen, harriduraren harriduraz:

- Jexux, Maria eta Joxe! Zu ere hemen, Maria!

Eta izen santu horiek guztiak entzutean, sorgin guztiek alde egin zuten eta mutila bakar-bakarrik gelditu zen.

Diotenez, mutilak bizpahiru egun behar izan zituen baserria bilatu eta itzultzeko.

Maximino Iziz. Hiriberri