2009/05/15

Kamishibai Lehen Hezkuntzaren lehenengo zikloan

Iruñeko Sanduzelai eskola publikoan hiru urte daramate kamishibai lantzen, batez ere, Maite Ramos izeneko irakasle bat, lehen zikloan aritzen dena.

Urte hauetako esperientziaren berri emateko, Cuadernos de Pedagogía aldizkari ospetsuan artikulu bat argitaratu berri diote maiatzeko zenbakian. Artikuluan zehazten du zer egin duen eta nola egin duen ziklo horretako kurtso bakoitzean, urratsez urrats.

Erdaraz dagoen arren, irakaskuntzan aritzen zaretenontzat oso baliagarria.

2009/03/26

Katrin Schegel ezagutzen al duzue?

Atzoko BERRIAn agertzen zen neska horrek Siete Leguas-en materiala baliatzen du kamishibaiak kontatzeko. Informazio gehiago BERRIAn.

2009/02/24

Nafarroako Gobernuak editatutakoak

Pasa den larunbateko saioan portfolio urdineko kamishibai batzuk ekarri zituen Xabierrek; gogoan? Kamishibai horiek Nafarroako Gobernuak egin zituen, ingelesez, gaztelaniaz eta euskaraz eta honako hauexek dira:
  • Elefantito tiene hambre Elefante txiki gose da Little elephant is hunggry
  • Rapónchigo Ezkilalore Rapunzel
  • Gigantes con aspas Erraldoi hegaldunak Don Quixote
Carmen Aldamaren lana duzue. Carmen Aldama San Juan de la Cadena ikastetxe publikoan aritzen zen eta hainbat urte eman zuen kamishibai teknika lantzen ikasleekin, gaztelaniaz. Reiko Furuno-ren seme-alabak eskola horretara zihoazela-eta, Carmen Aldama irakaslea hasi zen ildo hori jorratzen.

2002-2003 ikasturtetik aurrera "Ipuin Tailerra" izeneko jarduera egin du; hartara, lehen hezkuntzako ikasleak kamishibai sortzaile eta antzezle bilakatu dira, eta sortu dituzten kamishibai ikusgai daude Yamaguchi-ko liburutegian.

2006ko ekainean "Ipuin tailerra: Kamishibai" proiektua dela-eta, Hezkuntza Berrikuntza saria eman zion Hezkuntza Departamentuak berak.

Iruñeko Irakasleen Laguntza Zentroan aurkeztu eta banatu zituzten kamishibai horiek 2007ko urtarrilaren 18an egindako aurkezpen saioan.

2009/02/23

Ikastaroa bukatutakoan

Ezer baino lehen, mila esker anitz ikastaroan horren gogotsu eta arduratsu aritu zareten guzti-guztioi. Asteburuko ikastaroa, zin degizuet, lana baino plazera izan da enetzat.

Ikastaroko argazki gutxi batzuk gehiago duzue partekatutako album batean.

Larunbatean bukatu genuen ikastaroaren osagarri, Japoniako hainbat eta hainbat ipuin daude Interneten, bai ingelesez, bai gaztelaniaz. Crape-paper liburu datu basean bi hizkuntza horietan dituzue hainbat eta hainbat ipuin.

Bestalde, Haruna-ren weborian beste ipuin asko duzue, gaztelaniaz; horietako batzuk ikastaroan zehar ikusi eta landu dituzuen kamishibai zenbaiten istorioak biltzen dituzte.

Eta egia bada, sakelan sar; gezurra bada, kontuan ez har

2009/02/20

Sieteleguas argitaldariaren ekimena

Ikastaroan kritiko xamar agertu naizen arren, zilegi bekit aitortzea Sieteleguas Ediciones izan dela Estatu espainolean kamishibaiak eta butaia eskaintzen lehena. Noir berea. Euren weborrian sarrera ttipi bat dute -bitxi xamarra ene irudikoz- eta pdf formatuan gida txiki bat; 3 kamishibai eta butaia "pack" berean saltzen dituzte eta, Iruñean behintzat, Tafalla kaleko Kide dendan eros daitezke.

Sieteleguas argiltaletxearen materiala hainbat hizkuntzatan dago, besteak beste, euskaraz: sei eskaintzen dituzte, besteak beste, "Berunezko soldadutxoa", "Hans eta Printzesa"... Zerrenda osoa ikusi dezakezu euren web orrian
Ea biharko saioan norbaitek eramaten duen euren butai hori eta nirearekin aldertzeko profitatuko dugu. Bihar gehiago.

Alex Torregrosa

Oso ortodoxoa ez den Alex Torregrosa-ren lana interesgarria suerta dakizueke.

Alex Torregrosa artista Gaztela-Leon-en eta Extremadura-n ibiltzen da kamishibaiak kontatzen, erdaraz, batez ere liburutegietan.

Haren Blog-ean, El paraguas de teatro delakoan, argazkiak eta bideoren bat ikus dezakezue. Egia errateko, zeharo heterodoxoa da, baina baliteke handik ideiaren bat ateratzea. Hala bedi!

Yamaguchi-ko liburutegian

Camen Aldama irakaslearen ikasle batek kamishibai hau jendaurrean kontatu zuen Iruñeko Yamaguchi liburutegian. Ikasleak berak sortu zuen 5. mailan zela, eta 6. mailan zelarik jendaurrean kontatu zuen. Erdaraz.
Carmenek hainbat artikulu argitaratu ditu gaiaren inguruan eta Hezkuntza Departamentuan weborri bat ere badu. Argitaratu duen azken artikulua : "Cómo elaborar un kamishibai", Mi biblioteca aldizkariaren 15. zenbakian, azkenaurrekoan, 2008ko udazkenean.



Orobat, Yamaguchi-ko liburutegian jarraitzen dute kamishibai saio bat eskaintzen hilabetean behin; Loli Frances-ek eta Maria Jesus Ollo-k egiten dute umeentzako saio bat hilero, horiek ere erdaraz.

Kamishibai Ameriketako Estatu Batuetan

Gaurko saioan azaldu dizuet nola zabaldu zen kamishibaia Estatu Batuetara eta hemen duzue informazio osagarria. Beheko argazkian, atzo ikusi genuen "Hiru talisman" ipuineko marrazkien egilea duzue, Eigoro Futumata.
  • Ameriketako Estatu Batuetan kamishibai zabaldu da Margaret Eisenstadt, Donna Tamaki eta Eigoro Futumata artistaren lanari esker; Kamishibai for Kids izeneko web orrian www.kamishibai.com informazio asko eta asko dago... ingelesez, baita kamishibaiak ingelesez erosteko aukera ere...
  • Japanese American National Museum-en weborrian irakurgai duzue Tara McGowan kamishibaigilearekin elkarrizketa labur bat -in english, of course-. Tara McGowanek berak eginda duzue ohiko liburu ilustratua eta kamishibaiaren arteko aldaratze-lana; gaur arratsaldean ikusi dugun "Hiru talisman" ipuina bi formatu ezberdin horietan ikus dezakezue. PDF formatuan, biziki interesgarria, gaurko saioan behin baino gehiagotan erran dizuedan gisara.

2009/02/18

Zer da Doshinsha? Eta butai bat.... zer da butai bat?

  • Doshinsha argitaldaria da; ostiral eta larunbateko ikastaroan ikusiko dituzuen kamishibaiak Japoniatik ekarriak dira; gehien-gehienak Doshinsha-renak dira baita butaia ere.

  • Butaia egurrezko antzeztoki txiki bat da, beheko irudi honetan ikus dezakezuena eta ipuinak kontatzeko baliatu ohi dudana.

  • Azken oharño bat. Badakit japonieraz, oro har, ez gabiltzala oso suelto - ni behintzat, ez nabil batere suelto!-Baina, zorionez, duela hilabate gutxi batzuk sortu zen GoiHata; itzulpen-enpresa horretan bereziki euskara eta japoniera uztartzen dituzte.

2009/02/12

Zer da IKAJA?

Honezkero, 18 lagunek eman duzue izena datorren astean emanen dudan ikastaroan. Kopuru polita, inondik ere! Ikastaroan japonierazko izen batzuk entzunen dituzue... esate baterako, IKAJA.

Baina, zer da IKAJA? Ikaja International
Kamishibai Asociation of Japan-en akronimoa da. Kamishibai azken urteotan munduan zabaldu bada, batik bat, IKAJAren lanari esker izan da.

2009/02/09

Butai gabe eta zutik

Gizon honek kamishibaia formatu handi-handia baliatzen du, entzule asko eta areto handi batean ari da-eta.

2009/02/04

Kamishibai kontalari bat lanean

Hemen duzue neska japoniar bat kamishibai bat kontatzen. Ez duzue japoniera ulertzen? Halere, umeen irri-karkailak entzunda, artista handia da neska hori!

2009/02/02

Kamishibai ikastaroaren irakurgaiak

Ongi etorri. Galtzagorri Elkartearen eskutik, kamishibai ikastaroa eginen dugu Donostian otsailaren 20 eta 21ean.
Hona hemen, ikastarora agertu aitzin irakurtzea komeni zaizkizun material osagarriak, falta diren asteotan lasai ikus eta irakur ditzazun.

Dokumentu baten bat atzitzeko arazorik baduzu, egon lasai; ikastaroaren lehenbiziko egunean banatuko zaizuen karpetan izanen duzu material gehiena.


  • Kamishibai duela gutxi hasi da zabaltzen Euskal Herrian. Kontua atera ditzazuen, Nafarroan, Uharteko EIBZn, 2006ko apirilean Etsuko Nozaka eta Reiko Furuno lagun japoniarrak aritu ziren "Kamishibai Euskaraz" jardunaldi gogoangarri batean; asko ikasi nuen eta Etsuko Nozakak ingelesez eman zigun hitzaldia eskura dezakezu, transkripzioa, ingelesez.

  • Ingelesez gaizki? Lasai: jardunaldi horren haritik Hik Hasi aldizkarian, 2006ko maiatzean, artikulu bat argitaratu zuten. Kamishibaiaren oinarri-oinarrizko informazioa.

  • Bestalde, Iruñean hainbat urtez bizi izan den Reiko Furuno-rengandik asko ikasi nuen nik; tamalez, iaz Japoniara itzuli zen... Abiatu aitzin, BERRIAn egin zioten elkarrizketa irakurgai.

  • Euskakaren Irakaskuntzarako Balibide Zentroan, EIBZn, kamishibai lantzeko hainbat ikastaro eman dut dagoeneko; horietako batzuen irudiak ikusgai; baliteke ezagunen bat izatea argazki horietan... Aukeran, galdeiozu ea ikastaroan zer moduz...
Oraingoz besterik ez; oinarri-oinarria baino ez da, baina komeni da irakurtzea otsailaren 20a baino lehen. Laster beste post bat izanen duzu ikusgai blog honetan bertan.

Ez adiorik.