2010/03/23

Ipuin hasiera eta ipuin bukaera gehiago

Ikastaroa duela aste zenbait bukatu zen arren, atzo jasotako mezu batek ederki frogatzen du gustura jarraitzen duzuela ipuinen haritik tiraka eta tiraka. Antsoaingo Ezkaba eskolan aritzen den Katti Aginaga Huitzik Haur Folklorearen bilduma izeneko liburuan ipuinak hasteko eta bukatzeko hainbat eta hainbat formula aurkitu du eta zuekin guztiekin partekatzea iruditu zait egokiena.

IPUIN HASIERAK
- Orain urte asko ...; Oraindino urte asko ez dela...; - Aintzina, ugarazioak edo igelak harriakaz berba egiten zutenean...; - Behin munduan, asko legez, mutiltxo bat bizi zen...; - Gomuta ez dudan herri batean...; - Aintzina, belar-txori-abere-patariek heuren berbetea ahaztu baino lenentxoago...; - Munduan asko bezala...; - Aintzinean munduan asko legez...;- Munduan asko legez arto koxkolez ...; - Behin batean ...; - Gauza guztiek hizketan zekiten denboran gertatu omen zen...; - Aintzina, behi, ardi eta animali guztiek, eta belar eta arbolek berba egiten zutenean ...; - Sekula ez zait ahaztuko...; - Bizkaiko ipuinetako senar-emazte askoren antzera ...; - Euskaldunen artean oso gutxitan gertaru izaten dena ..; - Herri batean bizi ziren ...; - Lur eta aberastusun haindiak zeuzkan etxe batean ...; - Garai hartan ... ; - Gizaldi honen hasieran bazen ....


IPUIN BUKAERAK
- Egia bada, sakelan sar. - Egia bada, sakelan sar; gezurra bada, atera ez dadila. - Haiek ondo bizi izan baziren gu ondo bizi izan gaitezen. - Aditzeko belarririk duenak aditu eta ikas dezala - Handik aurrera, lanik egin beharrik gabe, ama eta semea oso aberats bizi izan ziren. - Handik aurrera denak pozik eta pakean bizi izan ziren urte askotan.

Formula batzuk ezagunak genituen ikastarotik; beste batzuk, aldiz, berri-berriak egin zaizkit, batez ere Bizkaia aldeko batzuk.
Haur Folklorearen bilduma liburua Xabier Etxaniz Erlerena da, Pamielak argitaratua duela urte askotxo; zorionez, iaz atera zuen edizio berritua. Nolanahi den ere, EIBZn bi ale ditugu maileguan uzteko gertu. Gure katalogoan ikus dezakezue, edozein unetan, mailegatuta dagoenentz. Liburu horretan, Ipuin hasierak eta Ipuin bukaerak atalez gain, badira esaera zaharrak, kantak, herri olerkiak... Altxor ttipi bat!

Mila esker, Katti, altxor ttipi horren berri emateagatik

2010/03/09

Bi konkordunak eta Japoniako ipuin hori

Ipuin Tailerra eta Herri Ipuinak ikastaroa bukatutakoan, erabilitako materialak txukuntzen hasi eta oroitu egin naiz saio batean, Bi konkordunak ipuina lantzen ari ginela, aipatu nizuela badagoela Japoniako herri ipuin bat gure bi konkordunen ipuinarekin parekatu daitekeena.

One Upon a Time in Jolly Japan izeneko bilduma batean agertzen da ipuin hori (Kodasnha, 2001, Tokio), eta ipuinaren izena hauxe da: How the old man lost his wen edo Agure batek flemoia geldu zueneko elezaharra.

Begiratu irudiok...




Ipuin horrek ez al dakarkizue gogora Xabier Etxaniz Erle-ren liburuan ikusi genuen Bi konkordunak ipuina?


Irudia Jokin Mitxelenarena da. Geure ipuinak liburutik hartua X. Etxaniz Erle-ren edizioa, Pamiela, 2000

2010/03/08

Ipuin Tailerra eta Herri Ipuinak ikastaroa bukatu da

Urtarrilaren 4an hasi genuen ikastaroa iragan den ortzegunean bukatu genuen. Azken saioan, eri dagoen Arrate izan ezik, goiko argazkikook bildu ginen... Animo, Arrate, sendatu eta sendotu!

Ikastaroan parte hartu zenutenok balorazioa egin zenuten azken saioan eta, orain, nire iritzia azaltzeko unea heldu da. Eta iritzia emateko, labur eta samur, zer hoberik bertso bat baino?

Urtarrilean hasi ta orain
bukatu dugu tailerra
bi hilabetez aritu gera
ipuinekin barra-barra:
niretzat lana baino gehiago
izan da zinez plazerra,
eskerrik asko ta bukatzeko
har (e)zazue nire agurra

Eskerrik asko, beraz, zuen pazientziagatik, zuen balorazio ezin eskuzabalagoengatik eta, batez ere, egun osoa umeekin egonda, EIBZra etortzeagatik ostegunero-ostegunero Ipuin Tailerra eta Herri Ipuinak ikastaro honetara. Adiorik ez.

Lau katu eta bost txito,
ikastaroa bukatu da eta kito

2010/03/04

HGL CD roma, ikastaroaren osagarri


Duela urte batzuk, euskarazko irakasleak trebatzeko ikastaro jakin batean, honako idazle hauek parte hartu zuten: Bernardo Atxagak, Juan Kruz Igerabidek, Andu Lertxundik, Aingeru Epaltzak, Mariasun Landak eta Patxi Zubizarretak. Ikastaro oso arrakastatsua izan zenez, idazle horiek emandako hitzaldiak eta beste material interesgarri zenbait CD rom batean bildu zen: Haur eta Gazte Literatura- Egungo sei idazleri buruzko azterketa. Miel Anjel Asiain-ek, Osio-k apailaturiko lan mardula izan zen.

CD rom horretan informazio berezi-berezia dago: nekez errepikatuko den ikastaro horretako hitzaldi guztiak, bai audio formatuan, baita testu formatuan ere; gainera, idazle horien ordura arteko liburu guztien fitxa bibliografikoak, adinaren arabera sailkatuak.

Nekez lor daitekeen materiala da, eta Ipuin Tailerra eta Herri Ipuinak ikastaroaren osagarri, CD rom horren ale bana banatuko zaizue: instalatu, aztertu, erabili eta, nahi izanez gero, blog honetan nork bere esperientzia konta dezala. Probetxuzkoa izanen zaizuelakoan...

2010/03/02

Zeu idazle!



Etzi, ostegunean, Ipuin Tailerra eta Herri Ipuinak ikastaro honen azken saioa izanen da. Gogoan dukezunez, azkenaurreko saioan banatu nuenn Zeu idazle CD rom ale zenbait nork bere kasa instalatu eta probatzeko. Komeniko litzateke etzi ekartzea eta, norbaitek denbora gehiago beharko balu, mailegua berritzeko eskatu beharko luke.

CD romak berak daukan gidaz landara, Zeu idazle CD romaren gaineko informazio zabala paper formatuan banatu nizuena: inork galdu badu, Erabili.com-en dauka irakurgai.